XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELA Europako irrati-telebistetan herri-hizkuntz eta kulturak babestearen alde.

Herri-hizkuntza eta kulturak zaindu eta babestu, batetik, eta kazetarien lan-segurtapena aldarrikatu, bestetik, dira oro har ELA sindikatuak Europako Ekonomi Elkarteko Kontseilu Zuzendaritzak burututako irrati-telebistarako txostenari egindako zuzenketak.

ELA, Kazetarien Nazioarteko Federazioaren partaide den aldetik, EEE-ko Kontseilu Zuzendaritzak prestatutako txostenean ez direla herri txikitako hizkuntza eta kulturen eskubideak kontutan hartu uste du.

ELAren eritziz, aurrera begira Europa elkartuan ia batere muga teknologikorik gabe elkargurutzatuko diren irrati-telebisten programazio desberdinak bideratzeko, arautzeko eta orekatzeko hartu beharreko erabakien artean ez da minorian dauden hizkuntza eta kulturen egoera kontutan hartu, eta are gutxiago beren etorkizuna segurtatzeko inolako urraspiderik proposatu ere.

Euskal sindikatu honen ustetan, arrisku hau ez dagokie estaturik gabeko nazioei bakarrik euskaldunak, katalanak, bretoiak, korsikarrak, galestarrak, etab. estatuaren jabe diren hainbati ere baizik, flamendarra eta griegoari esate baterako.

Eta baita oraintsu arte indartsu baina orain maldan behera hasiak diren beste zenbaiti ere, frantsesa, italiarra eta portugesa kasu.

Era berean, ELAk uste du ere EEE-ko Kontseilu-Zuzendaritzak egindako proposamenean ez dela kontutan izan kazetarien lan-segurtapena, ez komunikabide haundiek txikiengan eragin dezaketen presioa ere.

Ondorioz erasten du ELAk informazio-askatasuna eta pluralitatea bera ere arriskutan gera daitezke.

Guzti honegatik ELAk dei egin dio EEE-ko Kontseilu Zuzendaritzari, edozein erabaki hartu aurretik KNF-ren azken kongresuan guzti horretaz erabakitakoa kontutan izan dezan.

EEEko Kontseilu-Zuzendaritzaren proposamena.

Orain ELAk salatutako proposamena Europako Ekonomi Elkartearen Kontseilu-Zuzendaritzak ekainaren 6an Bruselasen egindakoa da.

Hogeitaka orrialdetan gaur egun irrati-telebistako egoera zertan den Europan aztertzen eta laburbiltzen da.

EEE-ko estatu bazkideen interesak zeintzuk izan daitezkeen aditzera eman ondoren, 24 artikulutako proposamen zehatza egiten da, sei kapitulu nagusitan.

Lehen eta azken kapituluetan hainbat disposizio orokor azaltzen da.

Bigarren kapitulua telebistako programen produkzio eta banaketari buruzkoa da.

Hirugarrena publizitate araudiari dagokio, laugarrena haur eta gazteentzako programazioari eta bosgarrena autore-eskubideei.